POESIA baino gehiago, lagunARTEA
Igandean goizeko hamaiketan genuen hitzordua Senpereko Larraldean poetok eta poesiazaleok, eta goiztiarrenak 10:30etarako jada han ziren, elkar ukitzeko gogoz, poesia hezur-haragizkoa dela sentitzeko eta elkarren begiradak topo egiteko. Poesia idaztea baino garrantzitsuagoa harremanei eustea dela ikusi dugu eta adimen artifizialak leku hartu nahi duen mundu honetan aurrez aurrekoa da benetakoa.
Izan ere, makina batek idatzitako poema da, baina ez badugu elkar hunkitzen eta denon artean denon hatsa partekatzen poesia ote da?
Liburuan 126 poetok idatzi dugu aurten, Peio Jorajuriaren sar-hitzarekin, eta hatsaren suaren inguruan hogeita hamarren bat bildu ginen Auxtin Zamorari 80. Urteurrenez zorionak kantatzeko, eta Marikita Tambourinek ere bi irrintzi bota zituen. Ondoren, Leire Zabala, Josu Bilbao eta haien bien seme jaioberria, Julen, omendu genituen bizi berri horregatik. Gero, Larraldearen jabe eta nagusi den Andoni Iturriotz eskertu eta omendu genuen bere eskuzabaltasunagatik, eta hark erran zigun bera dela gurekin zordun, Larraldeari bizitza emateagatik. Segitzeko, aurten lehen aldiz Hatsaren Poesian parte hartzen duen Garazi Gonzalez de Durana gaztearen urtebetetzea ospatu genuen, eta bukatzeko, heldu den liburuaren egunean urteak beteko dituen Sabin Oregiri kantatu.
Adimen artifizialak hori egin al dezake, bihotzetik bihotzera hitzen bidez hunkitu?
Aurtengo Hatsaren Poesia 25.a da, zilarrezko ezteiengatik topa egin genuen benetako xanpainarekin eta datorren urteko hatsaren poesiaren sar-hitzaren egilea Joseba Aurkenerena izanen dela ere jakin genuen zozketaz. Elkarrekin hitz egitea, besarkatzea, musukatzea, elkarretaratzea eta begietara begiratzea da poesia, baita elkarrekin bazkaria partekatzea ere.
Liburuan idatzitako norbere hitzak besteen aitzinean irakurri eta kantatu genuen arratsaldean, bazkalondoren. Denon hatsa talde-olerkia da aurtengo liburuko poemarik bereziena, ederrena beharbada, baita Leire Zabalak duela bi urte Hatsaren poesiarako sortutako Gure hatsa kantua ere. Bakoitzak bere olerkirik edo hatsik onena eman genuen, besteak beste, Hatsaren Poesiarako aurten Garazi Gonzalez de Durana gazteak idatzitako Habanera buruz eta bihotzez kantatu zigun:
Arnasten hasteko denok,
geneukan gogo bizia.
Udaberrian batzuek
zeharkaturik hesia.
Baina batzutan daukagu,
gure arima hertsia;
ta hola ezin askatu,
benetako iritzia.
Gure arima ez denez
gelditzen inoiz etsia.
Bizitza egiten zaigu,
askotan oso bitxia.
Gogoa loratzen duen
bertsoa da idatzia.
Segi dezagun idazten,
gure Hatsaren Poesia.
Graxi Solorzanoren zorion-kantu goxoak hunkitu gintuen, eta Andoni Salamerok txoriekin batera errezitatu zigun sentikor. Mendian gora abiarazi gintuen kantuz Urtzi Urkizuk eta euskal atakaren melodiaz eraman Iñaki Lopez de Luzuriagak. Imanol Irigoienek bere anaia Joan Mariren erretratua eta hitzak ekarri zizkigun belarrietara, eta Ainara Maiak haren 25 urteotako hatsaren bilduma pertsonala irakurri zigun. Arantza Martinezek baratze bat egin zigun kantuz eta Sabin Oregik Txomin Peillen zendu berria oroitarazi goxoki. Joandako oro izan genituen gogoan eta etorriko denaren esperantzaz joan ginen pixkanaka bakoitza bere habiara, elkarrekin egotea luzatu nahiko bagenu bezala, mantso. Adimen artifizialak beharbada poema ederrak sor ditzake, baina ezin ditu gutarteko zubiak eraiki eta gure harremanak sendotu, hau da denon hatsaren bidez poesia eraiki, ala?
Beste urte batez hats-ufada bat hartu eta eman dugu, urte osorako indarra izan dezagun. Beste 25 urte poetiko bai?
Ainara Maia Urroz
2023/04/18
Iparraldearen orenako aipamena hemen:https://www.eitb.eus/eu/nahieran/7egun/
Eukene Lizeagak ere irakurketa bat egin zuen guretzat bai denentzat ere !
Nicole Etxart, Elixabet Andueza, Joxe Luis Agirretxe, irakurketa baino lehen
Bego Zestau, irakurketa baino lehen
25 garren "Hatsaren Poesia" liburua argitaratzeko, egiten dugun, olerki galdera.
Datorren urteko 25. "Hatsaren Poesia" olerki-bilduma liburua elkarrekin sortzea proposatzen dugu beste behin ere, eta datorren urtekoa handia egin nahi genuke. Hastapeneko (1999.urtea) olerkari horiek gogoratu nahi nituzke, hastapenaren hatsa izan zelako, baina ezin ahantz honainoko bidean hasierako haiei gehitutako poeta guztiak. Hasierako liburua oso garrantzitsua izan zen bezala, urtez urte izan duen segida are garrantzitsuagoa, eta ezinbestekoa dugu heldu den urteko zilarrezko urteurreneko HATSAREN POESIA etorkizunean ere segi dezan hatsa ematen, mundu hits honetan.
Bestalde, gogo-bihotzetan oroitu nahi nituzke aurten joan zaizkigun hatsakideak:Jakes Ahamendaburu, Koldo Zubeldia, Alvaro Garcia Mundiñano eta Txomin Peillen.
Beti bezala, itxaropen handi batekin pentsatzen dugu olerkari aunitzen oihartzuna ukaitea datorren urteko HATSAREN POESIA liburuan, eta posta elektroniko honekin batera, oroitu nahi dugu datorren urteko sar-hitza aspaldiko hatsakide dugun Peio Jorajuriari egokitu zitzaiola zoriz, eta datorren urteko liburuaren azalerako irudia eginen duena Imanol Irigoien izanen dugula.
Zuei denoi ere parte hartzeko gonbidapena zabaldu nahi dizuet, eta honako hau galdegiten dautzuegu:
1. 2-3 olerki bidal diezagukezu, eta horrekin batera biografia labur bat, gehienez ere lauzpabortz lerro. 3. eta bukatzeko, azken eskaera bat: idatz diezagukezu esaldi bat edo bietan(trinkoan) zuretzat zer den zure hatsa (arnasa)? Azken horrekin talde-olerki bat eta bakarra osatuko genuke denon artean. |
Azken epea bidaltzeko 2023ko Urtarrilaren 15a izanen duzue, eta bi modu duzue horretarako:
1. helbide elektroniko honen bidez: hatsarenpoesia@gmail.com
2. posta arruntez: Bidasoa Portzelanak 6, 4. B, 20303 Irun, Gipuzkoa, Euskal Herria.
Baldintzarik gabe eta zentsurarik gabe olerki guziak usaian bezala, 2023ko bedatsean edo udaberrian argitaratuko ditugu, eta ontsalaz eta behin-behinekoz atxiki ere apirilaren 16a igandea, gure liburuaren inguruan oturuntza handi batean elkartzeko.
Hatsa elkartearentzat,
Ainara Maia-Urroz
***************
HATSAren POESIA EGUNA
(2023/94/16)
Udaberriko olerkari maitea:
APIRILAREN 16AN IGANDEAN AUNITZ DUGU OSPATZEKO: HATSAREN POESIAREN 25.URTEURRENA, EZTEIAK, URTEBETETZEAK ETA ABAR LUZE BAT.
11:00etan Elkarretaratzea
11:30etan ‘’Hatsaren Poesia 2023'' Liburuaren aurkezpena:
- Irakurleari (Ainara Maia).
- Sar-hitza (Peio Jorajuria).
- Auxtin Zamora-ren hitza.
- Azken 25 liburuen zozketa.
- 2024. urteko Hatsaren poesia liburuaren sar-hitzaren idazlea zozketa bidez hautatzea.
- Norberak lekarkeena agertzea.
13:00etan TXANPAINAREKIN TOPA! denoi onena OPA! |
Aunitz dugu ospatzeko eta omentzeko: |
- HATSArenPOESIA liburuaren 25 urteak ospatzeko. |
- Auxtinen 8O urteak aupatzeko (apirilaren 17). |
- Leire Zabalaren Julentxu umetxo iaz sortua poesiaren altzoan ohoratzeko. |
- Larraldearen Andoni Iturriotz jabearen eskuzabaltasuna eskertzeko. |
- Aurten Hatsaren Poesian lehen aldiz parte hartzen duen Garazi Gonzalez de Durana poeta gaztearen urtebetetzea ospatzeko (apirilaren 14). |
- Norbait ahazten badugu, geure barkamenak eta guri aipa, denak sartzen baititugu topa kolektibo honetan. |
14:00etan bazkaria norberak beretzat lekarkeenarekin.
16:00etan Liburuan parte hartu dutenen testuen irakurketa eta "Denon hatsa" olerki bateratuaren aurkezpena.
Ondoren, norbaitek beste zerbait egin nahi badu, libre da kantatzeko, antzerkia egiteko, nahi duena erakusteko denon aitzinean.
HATSAREN
POESIA 2022ko PARTE HARTZAILEAK: 126
Abeberry Alan, Agirretxe Joxe Luix, Akixo Kepa, Aiartza Peru, Albistur Ramon, Albistur Ramuntxo, Aldanondo Amaia, Amezaga Eneko, Andueza Ainhoa, Andueza Xabet, Arantzeta Amaia, Aristi Pako, Arruabarrena Marisa, Aurkenerena Joseba, Azkargorta Lierni, Azpirotz Olatz, Babiano Mikel, Bastarrika Iñaki, Batikon Gotzon, Bedaxagar Maider, Bella Andrea, Bezos Matxalen, Blanco Josebe, Blanco Rafa, Borda Itxaro, Davant Jean Louis, Egiazabal Leonat, Egibar Ilazki, Eizmendi Juan Luis, Enbeita Ibon, Etxart Nicole, Etxebarria Mikel, Etxegoin Maialen, Etxezaharreta Luzien, Fruchon Anne, Galardi Aintzane, Galzusta Elena, Garmendia Gomez Malen, Garmendia Oihane, Gomez Sarasola Itziar, Gonzalez De Durana Garazi, Gurrutxaga Joxan, Hualde Isabel, Ibaibarriaga Imanol, Ilarregi Mikel, Irastortza Tere, Iriarte Jokin, Irigoien Imanol, Irigoien Joan Mari, Irisarri Estitxu, Iturriotz Andoni, Jaka Oihane, Jimenez Maia Josu, Jorajuria Peio, Kazabon Antton, Laka Iban, Lamuedra Itziar, Landaluze Lorea, Larramendy Jean, Larruskain Aritz, Leatxe Itsaso, Legarreta Asier, Lizeaga Eukene, Lopez De Alda Arantzazu, Lopez De Luzuriaga Iñaki, Lopez Mugartza Juankar, Luzarraga Asel, Macklin Elizabeth, Maia Urroz Ainara, Markuleta Gerardo, Martinez Arantza, Meabe Miren Agur, Mujika Itziar, Olaso Xabier, Ordoñez Aiert, Oregi Sabin, Otamendi Jose Luis, Pardo Rakel, Plaza Gotzon, Poume Beatriz, Ramirez Ricardo, Rodriguez Fito, Ruiz Ventura, Salamero Andoni, Sanz Mikel, Sarasola Juanma, Sarratea Lola, Sestorain Joxemari, Solorzano Graxi, Taberna Mikel, Tambourin Marikita, Tobar Joseba Felix, Urkizu Urtzi, Urrutia Xerar, Urrutikoetxea Markel, Usandizaga Ainhoa, Valois Carmen, Zabala Juan Luis, Zabala Telleria Leire, Zabaleta Gorka, Zaldua Iker, Zamora Auxtin, Zelaieta Edu, Zendoia Joxe Mari, Zeztau Bego, Zestau Ima, Zilbeti Eba, Zubeldia Maddi, Zubiela Ibon, Zugarramurdi Maria Angeles Eta Bere Hiru Bilobak, Zugasti Puri, Zurutuza Lander,